Berriak
BERRIA

Eraberrituta eta anbizio handiagoarekin, "Ztanda" bueltan da, Euskal Herriko artista osoenaren bila

Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako saioaren 3. denboraldia ostiral honetan estreinatuko da, ETB1en eta ETB ONen (21:00etan) eta baita MAKUSIn (22:00etan) ere, arau berriekin eta ikuspegi anitz eta osagarriak ekarriko dituen epaimahaiarekin.

"Ztanda" saioaren denboraldi berria estreinatuko da ostiral honetan (maiatzak 8), 21:00etan, ETB1en eta ETB ON plataforman. MAKUSI bideo-plataforman saioa 22:00etan egongo da ikusgai ostiralero. Gainera, saio bakoitzeko kantu bilduma ikusgai izango duzue ikusgai plataforman. Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako talent musikalak beste urrats bat egingo du bere bilakaeran, ahots onena ez ezik, Euskal Herriko artistarik osoena aurkitzeko. Hirugarren edizio honetako berrikuntza nagusietako bat epaimahaia da: ikuspegi anitz eta osagarriak ekarriko dituzten profesionalak izango dituzte. Horrekin batera, arauak aldatuko dira, formatuari anbizio gehiago eman eta entretenimenduzko erreferente bezala sendotu asmoz.

12 lagun lehiatuko dira zortzi astez, irabazle titulua eta 15.000 euroko sari handia eskuratu nahian: Paula (Beasain, 18 urte), June (Barakaldo, 21 urte), Anton (Gorliz, 27 urte), Ximena (Laudio, 18 urte), Jonmar (Eibar, 22 urte), Izaro (Ordizia, 19 urte), Ipi (Arrigorriaga, 27 urte), Iker (Algorta, 24 urte), Beza (Orio, 19 urte), Chira (Bilbo, 19 urte), Ania (Santurtzi, 23 urte) eta Iria (Gasteiz, 19 urte). Interpretazioa, eszenako presentzia eta moldakortasuna funtsezkoak izango dira ibilbide artistiko zorrotz honetan aurrera egiteko. 

Musikaren hainbat esparrutako lau aditu arituko dira epaile lanetan: Sua Enparantza, "Irabazi Arte" gazteentzako telesail arrakastatsuko aktore nagusia eta Gure Zirkua ikuskizuneko kide artistikoa; Ylenia Baglietto, aktorea eta, gaur egun, Mamma Mia! musikaleko protagonista; Jon Fernandez, Gaztea irratiko ahots ezagunenetako bat; eta Aketza Lopez, nazioarteko aktorea, telebista aurkezlea eta 2000ko hamarkadako MTVrekin lotutako aurpegia. Baina epaimahaiaren mahaian ez dago dena erabat itxita. Denboraldian zehar, "Ztanda"k oso bisita berezi batekin harrituko ditu ikusle eta lehiakideak; programako jarraitzaile fidelenengan nostalgia eta konplizitatea piztuko dituen horietakoa. Ezusteko presentzia izango da, emozioa handituko duena… eta lehiaketaren erritmoa gutxien espero denean aldatzeko gai izango dena. 

"Ztanda" ostiralero eskainiko da, 21:00etan, ETB1en eta ETB ONen. Eta 22:00etatik aurrera ikusgai egongo da MAKUSIn.

Ostiralero elkarrekin eztanda egiteko prest?

Ez galdu hau!