Berriak
IKASTURTE BERRIA

Ikasturte berria estreinaldiz beteta abiatuko du MAKUSIk!

Ume eta gaztetxoei zuzendutako unibertso digitalak entretenimendu eskaintza zabalarekin emango dio hasiera ikasturteari. Plataforma digitalean ostiralero estreinaldi bat jasoko da, eta Klubeko kideek zozketa eta abantaila ugari izango dituzte.

MAKUSI unibertsoak eduki berri ugari prestatu ditu datozen hilabeteotarako, euskaraz eta adin-tarte desberdinentzat. Hori horrela, irailaren 13an Potx eta Lotx pailazoen saioak bigarren denboraldia abiaraziko du, bideoklip berriekin eta abentura dibertigarriekin: ate magikotik jauzi eginez leku berriak ezagutuko dituzte, eta Izaskunek, ohi bezala, umeak lehian jarriko ditu.

Urrian “Kalaxka” saioa bueltatuko da, Aritz Mendiola eta Anepe Acedoren eskutik: aktualitateko gaiak, erronka berriak, Nahia Silleroren erreportajeak, eta gonbidatu paregabeak izango dituzte platoan! Gainera, azaroan, “Power Up” telesailaren bigarren denboraldia estreinatuko da; zer gorabehera ekarriko dizkigu orain Araiak bere botere magikoekin?

Aurrekoa gutxi balitz, irailetik aurrera animazio eta saio berriak izango dira ikusgai:

- Sam Sam (0-4  urte). 5 urteko superheroi txikia da Sam Sam; hegan egiteko gai da, eta ez du ia inoiz beldurrik izaten. Lagunekin batera, unibertsoko munstro beldurgarriei aurre egiteko prest dago beti.

- Arrain Arraioak (5-7 urte). Gizakiok begira ez gaudenean arrainak nola bizi diren ikasiko dugu parerik ez duen esketx saio honetan. Koloretako arrainen familiak, kung-fu irakasleak, rap taldeak… mota guztietako pertsonaiak ezagutuko ditugu!

- Home Sweet Rome (+8 urte). Lucy 13 urteko neska estatubatuarra aitarekin bizi da Erroman. Aita Francesca izeneko pop-izar batekin ezkonduko da, eta horrek Lucyren bizitza guztiz aldatuko du.

Gainera, “Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak” animazio saio ospetsuaren denboraldi berria ikusteko aukera ere emango du MAKUSIk. Ladybug eta Cat Noir super heroiek Paris babesten jarraituko dute.

Eduki horiek guztiak MAKUSI bideo plataforman egongo dira eskuragarri, nonahi eta noiznahi ikusteko.

MAKUSI Kluba

Ikasturte berrian MAKUSI Klubean hainbat ekimen abiaraziko dira: zozketak (bidaiak, familiartean egiteko planak, sarrerak eta produktu sortak, besteak beste), kideentzako abantaila esklusiboak, argazki-lehiaketak… Ohi legez, kideek asteroko “Zorionak” bideoan euren argazkia ikusi ahalko dute!

Urriaren 12an MAKUSI Jai handia ospatuko da, BECen. “Go!azen”, Potx eta Lotx, zozketak, egurrezko jokoak, photocall-ak, “Irabazi Arte” saioan oinarritutako atezaindegia… Han ikusiko dugu elkar!

Zure interesekoa izan daiteke...

Makusi bideo plataforma berriaren menua
Egiten du  01:56 min.
Aukeratutako adin-tarteari lotutako edukiak modu argiagoan ikus ditzakezu, eta gogokoen dituzunak azkarrago aurkituko dituzu.
2024/07/04 - 13:56
Egiten du  08:00 min.
Urte osoan zehar antolatzen ditugun zozketa eta ekimen desberdinetan parte hartzeko aukera izateaz gain, doako sarrerak, deskontuak eta gonbidapenak ere lortuko dituzu.
2024/07/11 - 08:00
Max Bionikoa marrazki bizidunak MAKUSI
Egiten du  09:00 min.
Webgunean, mugikorretan zein tabletetan ez ezik, aurrerantzean, Android TV eta Amazon Fire TV sistemetan aurkituko dugu doako plataforma digitala, baita LG eta Samsung telebistetan ere. Gainera, hurrengo asteotan eduki berriak estreinatuko ditugu MAKUSIn.
2024/06/24 - 09:00
Udako argazkien lehiaketa MAKUSIn
Egiten du  09:18 min.
Gure argazki-galerian agertuko zara, eta Android tablet bat irabazi ahalko duzu! Ez galdu aukera!
2024/06/21 - 09:18
Gehiago kargatu