"Go!azen 13" telesaila martxan da!
"Go!azen" telesailaren 13. denboraldiaren grabazioaren atarian, aktore taldearen argazki saioa egin dute gaur (ekainak 9), Donostian. Basakabiko udalekuetako zenbait eszena grabatu ohi diren El Pinar jauregitxoa aukeratu dute aurten argazki saioa egiteko.
Berrikuntza ugari izango ditu “Go!azen 13” denboraldiak; 4 pertsonaia berri eta trama orokorraren norabide aldaketa. Basakabi udaleku bat izatetik, udako musika eskola izatera igaroko da. Wellington Music Academy esanguratsuak Basakabi aukeratu du Euskal Herriko egoitza moduan. Hori bai, akordioa lortzeko, Maitanek gezur txiki batzuk esan ditu aukeraketa prozesuan, batez ere instalakuntzei buruz dagokionean, eta horrek arazoak ekarriko dizkie bai Maitaneri eta baita Garaziri ere.
Pertsonaia berriei dagokionez, Ilargi (Maren Alonso), Kaia (Ane Sarasua), Luka (Gaizka Fernandez) eta Imanol (Iñigo Gastesi) izango dira Basakabin lehenengo aldiz udara pasako dutenak eta motxila ametsez bete ekarriko dutela argi dugu. Alaia (Adriana Sanchez), Bosko (Ander Ayerza), Izar (Irati Marin), Roke (Jon Alonso), Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez) eta Joritz (Julen Taboada) aldiz, bueltan izango ditugu udalekuan.
Aurten musikak udalekuan egundoko garrantzia izango duen arren, maitasun eta amodio istorioek lekua izango dute, baita lagunarteko harremanen gorabeherek ere. Gainera, “Go!azen 11”n izarra izan zen pertsonaietako bat bueltan izateak, udalekua aztoratuko du.
Denboraldi berria sopresaz, abenturaz eta ilusio berriz beterik egongo da. Laster berri gehiago izango dituze, bitartean, aurreko denboraldiak, bideo bereziak eta zuzeneko ekitaldiak aurkitu ditzakezue MAKUSIn.
Jarraitu MAKUSIren webguneko eta sare sozialetako edukiak, kideentzako abantaila esklusiboak, zozketak, parte hartzeko ekimenak, argazki-lehiaketak... Hori guztia, eta askoz gehiago, MAKUSIn!