Berriak
BERRIAK

MAKUSIk bi urte bete ditu, emaitza ikusgarriekin: bi miloi ordu baino gehiago kontsumitu dira, euskaraz

94.000 erabiltzaile baino gehiago ditu haur eta gaztetxoentzako EITBren plataformak. Urteurrena behar bezala ospatzeko, ekitaldi berezia egin da astearte honetan, 200 bat ikaslerekin. Bertan izan dira MAKUSI unibertsoko pertsonaiak.

Orain bi urte plataforma bat baino askoz gehiago jarri zuen martxan EITBk: MAKUSI haur eta gaztetxoentzako euskarazko unibertso digitala jaio zen 2024ko apirilaren 26an.

Gaur egun, plataformako 94.300 erabiltzailek eta klubeko 31.000 kidek osatzen dute MAKUSI. Sare sozialetan ere komunitate sendoa lortu du, 25.000 jarraitzailerekin, eta milaka eta milaka haur eta familia elkartu ditu jai eta ekitaldietan.

Denbora honetan zehar haur eta gaztetxoentzako euskarazko ikus-entzunezko edukien katalogo zabala osatu du MAKUSIk, etxeko txikientzako pentsatutako ingurune digital seguru eta doako batean. Erabiltzaileen erantzuna paregabea izan da: guztira, 2.265.000 ordu disfrutatu dituzte, euskaraz. Eta, zer ikusi dute gehien gure txikienek? "Go!azen", "Irabazi Arte", "Txakur Patruila", "Dragoi Bola", "Doraemon"; eta, azken aldian, "Pottokiak" bereziki.

Emaitza bikain hauek ospatzeko ekitaldi berezia antolatu du EITBk astearte honetan, apirilak 28, Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Bertan, bi ikastetxetako 200 bat ikasle izan dira, MAKUSI unibertsoko gonbidatu oso bereziekin: Potx eta Lotx pailazoak (Izaskun eta XabiSoundekin batera); "Kalaxka" saioko Aritz Mendiola eta AnePe Acedo; "Go!azen" telesaileko bost antzezle eta, nola ez, MAKUSI maskota.

Gainera, maiatzaren 15etik aurrera plataforman ikusgai izango den "Zientzia Piztia" saio berriaren lehen atala primizian ikusteko aukera izango du. Arnaitz Fernandezek aurkeztuta, ume eta gaztetxoei zientzia gerturatzeko asmoa du programak, entretenimendua eta dibulgazioa uztartuta. Ura dantzan jarri, izotza arrantzatu, marrazkiak bizidun bihurtu… esperimentu ugari erakutsiko dizkigu  "Eguraldia" saioko aurkezleak, oso modu erakargarrian. Arnaitz bera ere izan da astearte honetako festan, eta ez dira falta izan photocalla eta sorpresak.

Eduki berriak MAKUSIn, ostiralero

"Zientzia Piztia" saio berriaz gain, maiatza estreinaldiz beteta dator haur eta gaztetxoentzako  EITBren plataforman,  horien artean "Henry Danger" fikzioko telesail entzutetsua, euskaraz, maiatzaren 1ean hasita.

Hortik aurrera, ostiralero eskainiko ditu MAKUSIk estreinaldiak, tartean "Ztanda" saioaren denboraldi berria, "Pottokiak 3D" atal berriak eta abuztuko eklipseari buruzko pieza bereziak.

Urteurren ekitaldiko argazkiak

    Zure interesekoa izan daiteke...

    Duela  07:00 min.
    Eskulanak egiteko saio berria izango dugu ikusgai hilabete honetan: “Papir-o!”. Halaber, Ryder eta bere kideak ere bueltan izango ditugu “Txakur Patruila” marrazkien denboraldi berriarekin.
    2026/04/01 - 07:00
    Duela  07:00 min.
    Papiroflexia ardatz hartuta, eskulanak egiteko saio dinamikoa da Makusi plataformarako sortutako ekoizpen hau.
    2026/04/10 - 07:00
    Duela  08:00 min.
    Gonbidatu eta atal berriak, elkarrizketa txokoa, kaleko erronkak eta askoz gehiago, ostiralero, MAKUSIn!
    2026/03/13 - 08:00
    Duela  08:00 min.
    Gure pailazo kuttunenak, Izaskun, Xabi Sound eta Nerearekin batera mundu grisa koloreztatzera datoz denboraldi berri honetan.
    2026/01/23 - 08:00
    Gehiago ikusi
    Ez galdu hau!