Sei pertsonaia berri izango ditu "Go!azen"eko 12. denboraldiak
Basakabiko gaztetxoen abenturak biltzen dituen "Go!azen" ETBko telesaila arrakastatsuaren 12. denboraldiaren grabaketaren aurre prestaketekin hasi da. Aktoreei argazkiak egitea izan ohi da hasierako lanetako bat eta horretan ari dira gaur, egun osoz, Donostian. Bertan dira aurtengo sei pertsonaia berriak eta iazko sei beteranoak. Bestalde, Iker Laurobak sortutako musika eta hitzak oinarri dituen bideoklipa grabatuko du asteazken honetan Irungo Txingudi Ekoetxean, Plaiaundiko parke ekologikoan.
Karla (Ainhoa Tabuyo), Maren (Leire Nuñez), Roke (Jon Alonso), Azpi (Yan Pinto), Ekaitz (Josu Iriarte) eta Gaizka (Luken Urruzmendi) helduko dira aurten Basakabira, uda berezia igarotzeko asmoz. Aurreko urteko esperientzia errepikatuko dute, berriz, Oihanek (Garazi Urkola), Izarrek (Irati Marin) eta Alaiak (Adriana Sanchez), baita Bosko (Ander Ayerza) ikasle beteranoak ere. Udalekuaren zuzendari lanetan jarraituko du Maitanek (Nerea Arriola), eta Garazi (Nerea Elizalde) izango du alboan, monitore lanetan.
Maitanek beste itxura bat eman nahi dio udalekuari, eta ideia berritzaile bat ekarriko du. Baina, bere izaera kontuan izanik, oraingoan ere sortuko du istiluren bat edo beste, eta horren ondorioz, ikasleak aurka izango ditu. Garazirekin batera, arazoei konponbidea ematen saiatuko da, baina ez dute batere misio erraza izango, indartsu baitatoz aurtengo ikasleak. Ekaitzek, esaterako, ez du inongo erreparorik izango istiluetan sartzeko, eta Rokek erakutsiko du harkaitza bezain mutil gogorra dela. Azpik argi utziko du ez zaiola gustatzen besteek desberdin ikustea, eta ikusiko dugu Maren nortasun handiko pertsona dela. Karla izango da aurtengo udalekuko neska pijoa eta Gaizkak maitasuna topatuko du espero gabe.
"Go!azen 12"k denetariko osagaiak izango ditu: abenturak, misterioa, gaztaroko maitasuna, komedia, drama… Horrekin batera, egungo eta betiko euskal talde eta abeslarien kanten moldaketak entzun ahal izango dira, ohi denez. Laster berri gehiago izango dituze, bitartean, aurreko denboraldiak, bideo bereziak eta zuzeneko ekitaldiak aurkitu ditzakezue MAKUSIn.