MAKUSIk estreinaldiz beteta emango dio hasiera abenduari!
MAKUSIren eduki eskaintza etengabe hazten ari da. Horren adibide, abenduaren 6tik aurrera, saio berri hauek izango dira ikusgai bideo plataforman: “Robin Hood” (4. denboraldia), “Pintxo aldaketa klimatikoaren aurka”, “Iratxoen kantu sekretuak”, “Hur ikasten” eta “Lizen sormen tailerra”.
“Robin Hood” (5-7 urte) marrazki bizidunen saioaren 4. denboraldiaz gozatzeko aukera izango da. Hamar urte baino ez dituen arren, Robin benetako heroia da. Joan printzeak iheslari eta bidelapurtzat jo zuenetik, Sherwood baso erraldoiaren erdian bizi da. Bere lagun Tuck eta John Txikiren laguntzarekin eta Lady Marian eta Scarlett ere ondoan dituela, Robin ausartak arerioei aurre egingo die.
“Pintxo aldaketa klimatikoaren aurka”
Pintxo iratxo bihurriarekin batera, etxean ondo pasatzen eta jolasten ikasiko dugu gure planeta errespetatu eta klima-aldaketari aurre egiten diogun bitartean. Saioa 0-4 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta lehenengo denboraldiak 4 minutuko 20 atal ditu.
Marrazki bizidunen saio berrian musika da nagusi. Bertan, basoko iratxoek naturarekin eta giza eskubideekin zerikusia duten gaiei buruz abesten dute Haurrentzako abestiek eta euskarak bat egiten dute, etxeko txikienei (0-4 urte) balioen garrantzia helarazteko. Dena, erritmo bizian!
Hur iratxo txikia eta alaia da, eta bere mundu magikora bidaiatzen du jolasten duen bitartean gauza berriak ikasteko. “Hur Ikasten” telesailarekin etxeetako haurrek (0-4 urte) haien lehenengo urratsak emango dituzte oinarrizko ikasketetan, modu xamur eta dibertigarri batean.
Liz iratxoak errezetak, esperimentuak eta eskulanak egiten irakatsiko digu. Horretarako, material birziklatua erabiliko du, ongi pasatzea eta aldi berean ingurumena zaintzea posible dela erakutsita.
Ez galdu eduki berriak!
#IkusiMAKUSI