"Go!azen 11": aurrestreinaldia, azaroaren 15ean, Iruñeko Baluarten
"Go!azen" telesailaren 11. denboraldiaren aurrestreinaldi handia hartuko du Iruñeko Baluartek, azaroaren 15ean, 18:00etan hasita. Ekitaldira doazenek denboraldi berriaren lehen atalaz eta aktoreek oholtza gainean eskainiko duten ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute.
Gogoan izan, azaroaren 15ean bertan estreinatuko da "Go!azen 11" MAKUSI bideo plataforman, beste inon baino lehen. Ondoren, hilaren 22tik aurrera, ETB1en eskainiko da, eta telebistan eman ostean egongo dira atalak ikusgai MAKUSIn.
Aurrestreinaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, esteka honetan. 5 euroko prezioa dute eta EITB Maratoira bideratuko da salmentarekin jasotako dirua. Bere 25. edizioan, gaixotasun kardiobaskularretan jarriko du arreta EITB Maratoiak, Entzun bihotzari lelopean. Aurtengoan, Hemendik At taldearen "Eskutitza" abestia izango da soinu-banda, eta keinu batean batzeko deia egingo dio gizarteari: gure eskuekin bihotzak osatzea.
Nafarroako Gobernuak, Euskarabidea (Euskararen Nafar Institutua) bidez, babestuko du Iruñeko aurrestreinaldia.