MAKUSI, Nafarroa Oinezen!
Urriaren 20an, igandea, Zangozak aurtengo Nafarroa Oinez jaia hartuko du, “Piztu!” lelopean. Izan ere, aurten, herri horretako ikastolari egokitu zaio Nafarroako ikastolen jaia antolatzea, helburu nagusi batekin: “ikastolen ahotsa altxatzea, euskarari, identitate eta etorkizun gisa, bultzada emateko”.
MAKUSI gunea
Ohi legez, MAKUSIk bere txoko propioa izango du jaiaren barruan, adin-tarte desberdinetako haur, ume eta gaztetxoei zuzenduta. 1. gunean, “Piztu” deritzon gunean, egongo da, 10:30etik 18:00etara bitartean, eta honako jarduerak hartuko ditu, besteak beste: egurrezko jokoak eta MAKUSI Play! jokoa, proiekzio txokoa (“Power Up”, “Kalaxka” eta “Potx eta Lotx” saioen atal desberdinekin) eta “Irabazi Arte” saioan oinarritutako atezaindegi puzgarria.
Etor zaitezte MAKUSI unibertsoa ezagutzera!
“Go!azen” ikuskizuna
14:00etan, “Go!azen” telesaileko neska-mutilek musika emanaldi berezia eskainiko dute agertoki gainean, ikusleak dantzan jartzeko. Gero eta gutxiago falta da “Go!azen 11” estreinatzeko, eta aktoreak zuzenean ikusteko aukera aparta izango da Nafarroa Oinezen.
Gogoratu, igande honetan, Zangozan hitzordua izango dugu!
PIZTU Nafarroa Oinez, PIZTU Zangozako Ikastola.