“Go!azen” eta “Power Up” telesailen aurrestreinaldiak, MAKUSI Jaian: SARRERAK, SALGAI!
Albiste on batekin gatoz! Urriaren 12an, MAKUSI Jaia ezin hobeto amaitzeko, sorpresa handia dugu: “Go!azen” eta “Power Up” saioen denboraldi berriak aurrestreinatuko ditugu! Emanaldia BECeko Bizkaia Arena pabiloian izango da, 17:30ean hasita; ordu bat lehenago, 16:30ean, ateak irekiko dira. Bi saioetako aktore nagusiak ere bertan izango dira, oholtza gainean, bilduko diren ikusleei harrera berezia egiteko.
“Go!azen 11” nobedadez beteta iritsiko da. Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, nola ez, musika eta dantza ez dira faltako! Iazko pertsonaia batzuekin egingo dugu topo, hala nola Garazi, Gontzal, Saioa, Luken, Aner, Bosko eta Maitane. Baina pertsonaia berriak ere hartuko ditu Basakabi udalekuak: Izar, Joritz, Alaia, Manex, Oihane eta Leire. Eta, aurten, gainera, Maitane izango da Basakabiko zuzendaria.
“Go!azen 11”ren aurrestreinaldia baino lehen, “Power Up” saioaren 2. denboraldiaren lehen atala ikusteko aukera izango da. Oraingo honetan, zer egingo du Araiak bere botereekin? Aurreko denboraldian bezala, bideo-jokoen trebetasunak erabiliko ditu bere eguneroko bizitzako erronkei aurre egiteko. Familia, lagunak, klasekideak… nerabe baten kezkak izango ditu Araiak. Marina Ostolaza aktoreak Andere Garabieta, Ander Murillo, Jon Lukas, Iras eta Gabriel Ocina izango ditu lagun.
Gehiago jakin nahi? Bada, erosi zure sarrerak HEMEN, eta ez galdu hitzordua, mundiala izango da eta! Sarreren salmentarekin bildutako dirua EITB Maratoiari zuzenduta egongo da.
Ikusi MAKUSI… Zer ikusi?