MAKUSI Jaia, urriaren 12an, BECen!
Urriaren 12an, larunbata, MAKUSI jai handia egingo dugu BECen. Egun osoko ekitaldia izango da, haur eta gaztetxoen gozamenerako. Hala, 11:00etatik 17:00etara, jarduera egitarau zabala prestatu dugu, eta MAKUSI unibertsoko protagonista guztiak bertan izango dira.
Ohi legez, Potx eta Lotx pailazoek antzerkia, dantza eta musika uztartuko dituzte agertoki gainean, eta Izaskunek umeak lehian jarriko ditu erronka dibertigarriekin. “Kalaxka” saioko aurkezleek, Anepe Acedok eta Aritz Mendiolak, gaztetxoekin argazkiak atera eta sinatuko dituzte.
10.000 metro koadroko espazioan denetarik aurkituko dute BECera bertaratzen diren lagunek: zirku ikuskizuna, puzgarriak, ludoteka, irakurketa eta margotzeko txokoak, ipuin kontalaria, tailerrak, eskulanak, abentura parkea, ohe elastikoak, proiekzio gunea (MAKUSI unibertsoko saio propioekin), “food truck”ak… Aurtengo EITB Maratoiari ere tarte bat eskainiko dio MAKUSI jaiak.
Aurrekoaz gain, “Irabazi Arte”k bere txoko propioa izango du jaiaren baitan. Futbolinean aritzeko aukera izango da, eta giza futbolina ere antolatuko da. Halaber, “Power Up” gunean arkade makinak egongo dira, fikziozko telesailarekin lotuta, bideojokoetan aritzeko.
Aurrestreinaldiak: “Go!azen 11” eta “Power Up”
Gero eta gutxiago falta da Basakabiko gaztetxoen abentura berriez gozatzeko, eta “Go!azen” telesailaren zale amorratuek galdu ezineko hitzordua izango dute BECen. Bazkalostean, aktoreek "Goazen" musika ikuskizun berezia taularatuko dute.
Gainera, egunean bertan zozketa berezia jarriko dugu martxan “Go!azen”eko pertsonaien ilustrazio esklusiboak lortzeko. Jaira doazenek izango dute parte hartzeko aukera, eta aktoreek han bertan banatuko dituzte sariak.
Jarraian, arratsaldean, lehen atala pantaila handian ikusi ahalko da, Bizkaia Arenan, 17:30ean. Lehenik, “Power Up” saioaren 2. denboraldia estreinatuko da. Oraingoan, Araiak bere botereekin etsai berriei aurre egin beharko die. Ondoren, “Go!azen 11”ren txanda izango da. Denboraldi honetan ere amodiozko istorioak, udako abenturak, misterioak, umorea, musika eta dantza eskutik joango dira.
Aurrestreinaldietarako sarrerak, jada eskuragai!
Babesleen txoko bereziak
MAKUSI Jaiaren babesleek ere txoko bereziak ekarriko dituzte BECera.
Hori horrela, Kaiku Baserria ezagutu ahalko da, behi bat nola jezten den ikasi, Kaiku produktuak dastatu, baserriarekin lotutako informazioa eskuratu, eta margotzeko zein jolasteko beta ere izango da. Labur-labur esanda, umeak baserritar baten azalean jarriko dira!
Bestalde, IHOBEk bi espazio izango ditu: Klima 360º izeneko gunean, tablet batez bidez, itsasertza klima-aldaketara egokitzeko tresnak aurkeztuko dira, eta Klima Azokak esperientzia interaktiboa proposatuko du, klima-aldaketari aurre egiteko beharraz kontzientzia hartzeko.
Halaber, Garbikerrek, Bizkaiko Foru Aldundiaren standean, planeta zaintzeko gonbita luzatuko die familiei, birziklatzearen inguruko jokoekin. Esperientzia hezitzaile eta dibertigarria biziko dute, hondakinen kudeaketa oinarri hartuta. Besteak beste, "Memory" klasikoa, "Birziklatzearen saskia" edo "Tetris" eta 2Space Invaders" jokoetan aritzeko aukera izango dute ume nahiz gurasoek.
Bukatzeko, JumpYarden gunean erakustaldi harrigarria izango da ikusgai, eta akrobazia tailerra ere eskainiko dute, familia osoari zuzenduta. Ikusle guztiak aho zabalik utziko dituzte! Horrez gain, JumpYardeko kideek giroa alaituko dute, dantza eta joko bereziekin.
Urriaren 12an, MAKUSI Jaian ikusiko dugu elkar!