Abendua estreinaldiz beteta dator MAKUSIra!
Urteko azken hilabete honetan estreinaldiz beteta izango dugu MAKUSI plataforma. Gabon giroan murgiltzen hasi gara, eta eduki berri askorekin gozatzeko aukera izango dugu: ‘HEIDI, katamotzaren erreskatea’ pelikula, JASO ikastolaren ITZALPEAN Musikala, AHIZPAK telesailaren denboraldi berria, eta OLENTZERO ETA MARIDOMINGIREN etorrera ekitaldia, besteak beste.
Abenduak 5 — Ahizpak (3.denboraldia)
Ahizpak telesaila, hirugarren denboraldiarekin itzuliko da abenduaren 5ean. Bi ahizpen eguneroko bizitzari buruzko telesaila honek, umorea, abentura eta eguneroko gorabeherak uztartzen jarraituko du. Eta ez egin zalantzarik… Marinek bere ahizpa Wendy bere onetik ateratzen jarraituko du!
Abenduak 12 — Itzalpean Musikala
Pasa den urrian Jaso Ikastolak Baluarten aurkeztu zuen “Itzalpean” musikalaz gozatzeko aukera izango dugu. Musikalean kazetari talde batek fake news-ak salatuko ditu eta nagusiak hedatzera behartzen dituen informazio lerratu eta sentsazionalisten aurka oldartuko dira. Hau guztia, kantuen eta dantzen artean jorratuko dute. Interesgarria, ezta?
Abenduak 12 — Zinetxiki bilduma
Bilbon abenduaren 13tik 28ra bitartean ospatuko den Zinetxiki Zinemaldian eskainiko diren hainbat pelikulaz gozatzeko aukera izango duzue MAKUSIn. Bilduma berezia izango duzue eskuragarri bideo plataforman, etxeko txikienekin gozatzeko.
Abenduak 19 — Loa eta Laia, abesti berriarekin
Loa eta Laiaren 3. denboraldiari amaiera emango diogu denboraldiko hamargarren kantu honekin. Jarrai dezatela etxeko txikienek gorputzak mugitzen eta ozen abesten!
Abenduak 22 — Heidi, katamotzaren erreskatea
MAKUSIra iritsiko da pasa den abuztuan zinema aretoetan estreinatu zen ‘Heidi, katamotzaren erreskatea’ film berria. Protagonistak zaurituta dagoen katamotz bat aurkituko du mendian, eta Peter lagunarekin batera, misio ausart bati ekingo dio: familiarengana eramango dute animalia eta natura eta haien etxea mehatxatzen dituen enpresari bihozgabe bati aurre egingo diote. Prest al zaudete Heidiren abentura berria ikusteko?
Gabon garaian — Olentzero eta Mari Domingiren etorrera
Olentzero eta Mari Domingik Bilboko kaleetara egingo duten etorrera ikusteko aukera izango duzue! Ilusioak eta magiak gainezka egiten duen gauaren aurretik, gure Gabonetako pertsonaia gogokoenek egindako bisita kuttuna MAKUSIn ikusi ahal izango duzue!
Gainera, gabon garaian murgiltzeko eta eduki bereziez gozatzeko, pelikula berriak eta Gabonetako edukiekin osatutako bilduma berezia izango duzue MAKUSI bideo plataforman. Magia, ilusioa eta entretenimendua uztartuko dituen eskaintza zabala izango duzue zuen eskuetara.
Jarraitu MAKUSIren webguneko eta sare sozialetako edukiak, kideentzako abantaila esklusiboak, zozketak, parte hartzeko ekimenak, argazki-lehiaketak... Hori guztia, eta askoz gehiago, MAKUSIn!