Kaiku, MAKUSI ekosistemaren babesle nagusia
MAKUSI eta Kaiku elkarlanean arituko dira ikasturte berri honetan, gaur, irailak 11, sinatu den lankidetza hitzarmenari jarraiki. Akordio horrek ekintza desberdinak hartuko ditu barne.
Makusi ume eta gaztetxoei zuzendutako ekosistema digitalak euskarazko entretenimendu eskaintza zabala jasotzen du, adin-tarte desberdinentzat, eta bi ardatz nagusi ditu: MAKUSI bideo plataforma digitala eta MAKUSI Kluba. Bideo plataforman mota guztietako edukiak dira ikusgai, tartean, marrazki bizidunak, telesailak, filmak, magazinak eta animeak. Klubeko kideek, gainera, abantaila esklusiboez gozatzeko aukera dute: zozketak, ekimen bereziak, deskontuak eta doako sarrerak, etab.
Euskara eta entretenimendua eskutik doaz MAKUSIn. Hartara, eduki interesgarriak eskaintzea, eta eduki horiek euskarri desberdinetan eskuragarri jartzea da bere helburu nagusietako bat. Zeregin horretan oso interesgarria da Kaiku bezalako partner estrategikoak bidelagun izatea.
Nerea Zendoia EITBko haur edukien koordinatzailearen hitzetan, MAKUSIk jasotzen duen entrenimendu eskaintza balio positiboetan oinarritu behar da, eta horrekin bat dator Kaiku, gertuko produktua eta elikagai osasuntsuak eskainiz, eta bertoko produktuak bultzatuz.
Kaiku Elikagai Korporazioa liderra da Euskadin esnekien ekoizpenean eta merkaturatzean. Urtean 170 milioi litro banatzen ditu. Esnearen % 100 Kaiku S. Coop. abeltzainen kooperatibatik dator. Kooperatiba horrek 300 abeltzaintza-ustiategi inguru biltzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Burgosen eta Errioxan. Kaikuk Euskal Herrian ekoizten den esne guztiaren % 78 biltzen du.
Gainera, esne-sektorearen hainbat beharrizani erantzuten dieten kategorien aitzindaria eta sortzailea da, hala nola Kaiku Caffé Latte, hartzeko prest dagoen kafea; Kaiku Sin Lactosa, laktosarik gabeko esnekiak; edo Kaikucol, kolesterolaren erreduktorea.
Nerea Arroyo Kaiku KM0ren marketin zuzendariaren hitzetan, "Kaikuren helburu nagusietako bat euskal hizkuntza eta kultura babestea da, baita gure publikoarengana iristeko joera eta modu berrietara egokitzea ere. Horregatik, MAKUSI bezalako proiektu batekin bat egitea aukera bikaina da euskal kultura eta euskara babesteko, gure balioak eta helburuak leialki islatuko dituen lankidetzaren bidez.
“Gogotsu gaude MAKUSI unibertsoaren parte izateko eta hain biziki espero genuen proiektu zirraragarri honetan laguntzeko. Horrez gain, iaz orain arteko proiekturik pertsonalena jarri genuen martxan Kaikun: Kaiku Baserria. Familia-baserria da, publiko osoari irekia, eta pertsona guztiek (bereziki, txikienek) Kaiku Km0 esne litro baten atzean dagoen ahalegin eta lan guztia ikusteko aukera izango dute. Oso proiektu polita da, eta uste dugu bat datorrela MAKUSIk eta Kaikuk transmititu nahi dituzten balioekin."
Akordioaren barruan honako ekintza hauek nabarmentzen dira: Kaikuk Potx eta Lotxen "Ate Magikoa" deritzon atala babestuko du eta eduki esklusiboak izango ditu MAKUSIren barruan. Horrez gain, abantailak atalean, webgunean, sare sozialetan eta urriaren 12an egingo den MAKUSI jai handian ere presentzia izango du.