“Txirrita”, “Lazkao Txiki” eta “Pernando Amezketarra”, MAKUSIn
MAKUSIk bideo edukien katalogoa handitzen dihardu; estreinaldiez gain, duela hainbat urte EITBn emititu ziren marrazki bizidunak ere berreskuratuko ditu. Hori horrela, Gogoratzen izeneko atalaren barruan, 90eko hamarkadan gurean estreinatu ziren hiru saio ezagun jarri ditu ikusgai: “Txirrita”, “Lazkao Txiki” eta “Pernando Amezketarra”. Hiru bertsolari horien bizitzetan oinarritutako marrazki bizidunak dira, eta umorea dute ardatz. 8 urtetik gorako ume eta gaztetxoei zuzenduta daude.
Gogoratu, MAKUSI bideo plataforman marrazki bizidunak, animeak, telesailak, magazinak eta filmak ikus ditzakezu, euskaraz eta adin-tartearen arabera desberdinduta (0-4 eta 5-7 urte eta 8 urtetik gorakoak).
Estreinaldiez eta produkzio propioko saioez gain, marrazki bizidun eta saio klasikoak ere jarriko ditu ikusgai MAKUSIk.