Berriak
BERRIAK

MAKUSIk urte bat bete du maskota berria aurkeztuz!

Azken urte honetan, ume eta gaztetxoei zuzendutako euskarazko entretenimendu zabala eskaini du MAKUSIk; ikus-entzunezko eduki anitzekin plataforma digitalean eta MAKUSI Klubeko ekintzekin

Larunbatean bete zuen lehen urteurrena MAKUSI EITBren haur eta gaztetxoentzako euskarazko streaming plataformak eta unibertso digitalak. Ospatzeko, ekitaldi berezi bat antolatu zen eta bertan unibertsoko hainbat pertsonaiak parte hartu zuten, eta sorpresa ugari izan ziren, “Mari Sorgin Ehiztaria” eta “Ameslarien Banda” aurkeztu ziren primizian. Potx eta Lotxekin ere abestu eta dantzatu zuten haurrek, eta nola ez, maskotarekin argazkiak atera ospakizuna borobiltzeko.

MAKUSIren lehen urteurrenak datu ikusgarriak utzi dizkigu: lehen 12 hilabete hauetan 840.000 ordu baino gehiago kontsumitu dituzte gure haur eta gaztetxoek, euskaraz eta ingurune seguru batean. "Go!azen",  "Irabazi Arte", "Dragoi Bola", "Txakur Patruila", "Miragarri: Ladybug eta Cat Noirren abenturak" eta, noski, "Potx eta Lotx" ditugu eduki arrakastatsuenak plataformako harpidedun diren 48.000tik gora erabiltzaileen artean. Horietako asko eta asko, gainera, klubeko kide ere badira. Zehazki, 30.733 kide ditu une honetan MAKUSI klubak, eta kopurua etengabe hazten doa gainera. Zalantzarik gabe euskarazko doako eduki eta eskaintza onenaren inguruan komunitate sendoa sortu du MAKUSIk, jaio eta denbora gutxian, eta horren adierazgarri da txikienei zuzendutako ekitaldien arrakasta: ia 40.000 pertsonak parte hartu dute aurrestreinaldi, jai eta kaleko hitzorduetan.

ESTREINALDI BEREZIAK

Apirileko ospakizunen ostean, maiatza ere indartsu dator MAKUSIn, bi ekoizpen propio estreinatuko baititu plataformak: "Mari sorgin ehiztari" fikziozko telesaila, 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutakoa; eta "Ameslarien banda", animazio birtualarekin landutako txotxongiloak, 3 eta 6 urte arteko haurrentzat.

"Mari sorgin ehiztari": Euskal mitologiarekin lotura izango duen fikziozko telesaila. Institutu bateko gazte batek Mari pertsonaiaren botereak ditu, eta mundua salbatzeko lanetan arituko da, deabru, sorgin, munstro eta bestelako pertsonaiei aurre eginez. Umorea, abenturak eta naturaz gaindiko ahalmenak, 15 minutuko 8 ataletan.

"Ameslarien banda": Animazio birtualarekin landutako txotxongiloak. Hiru iratxo ditugu pertsonaia nagusi, eta itsasontzi batean ibiliko dira lurraren gainetik, lainoen gainetik, umeen ametsak zaintzen. Periskopio batetik arazo bat antzematen dutenean, alarmak joko du eta hori konpontzea izango dute misio. Abesti batekin bukatuko dute atala. Ideia, sorkuntza eta gidoia Xabi Payarena dira, eta musika zuzendaritza eta abestiak Nerea Urbizuren eskutik datoz. 3-4 minutuko 10 pieza, entretenimendu ludiko-didaktikoa oinarri.

Eta gogoratu, IKUSI MAKUSI, ZER IKUSI?

Argazkiak

    Albiste gehiago

    Duela  08:00 min.
    Lehenengoz plataforma digitalean eskuragarri izango dugu podkast atala, hainbat programarekin
    2025/04/14 - 08:00
    Duela  09:18 min.
    Denboran atzera bidaiatu eta XX. mendearen hasierara itzuliko gara, Theo eta bere lagunen gorabeherak bizi ahal izateko. Apirilaren 11an iritsiko da Makusi plataformara.
    2025/04/11 - 09:18
    Estreinaldia
    Duela  08:00 min.
    Estreinaldia
    Telesail mitikoak estreinua egingo du plataforman eta lau ninja dortoka ezagunen abenturak ikusi ahalko ditugu.
    2025/04/04 - 08:00
    Duela  09:18 min.
    Denboran atzera bidaiatu eta XX. mendearen hasierara itzuliko gara, Theo eta bere lagunen gorabeherak bizi ahal izateko. Apirilaren 11an iritsiko da Makusi plataformara.
    2025/04/11 - 09:18
    Gehiago kargatu
    Ez galdu hau!