Berriak
Aurkezpena

MAKUSI Unibertsoa aurkeztu dugu!

Ekitaldian produkzio propioko hiru saioak ezagutzera eman zituzten: “Potx eta Lotx”, “Kalaxka” eta “Power Up”, eta protagonista nagusiak ere egon ziren agertoki gainean.

 

MAKUSI Unibertsoari ongi etorria emateko ekitaldi berezia hartu zuen Kursaalek apirilaren 26an. Haur eta gaztetxoentzako euskarazko lehen plataforma digitalak askotariko edukiak eskainiko ditu, tartean, marrazki bizidun eta telesailen 100 izenburu baino gehiago. Gainera, MAKUSI Klubeko kideek abantaila esklusiboez gozatu ahalko dute: zozketak, doako sarrerak eta deskontuak, Zorionak bideoan agertzeko aukera…

Ekitaldian giro ona eta barreak izan ziren nagusi, eta Ainhoa Larrañaga eta Aritz Mendiola aktoreak aritu ziren aurkezle lanetan. Produkzio propioko hiru saioak ezagutzera eman zituzten: “Potx eta Lotx”, “Kalaxka” eta “Power Up”, eta protagonista nagusiak ere egon ziren agertoki gainean. Astero, ostiraletan, saio bakoitzaren berri bat estreinatuko da MAKUSI plataforman.

"Potx eta Lotx" txikienei zuzendutako pailazoen programa izango da. Nerea Mazoren gidaritzapean, Potxek eta Lotxek abentura zirragarriak biziko dituzte, beste hainbat pertsonaia berri lagun dituztela, hala nola Izaskun eta Xabi Sound.

Bestetik, Aritz Mendiolak eta Anepe Acedok “Kalaxka” magazina aurkeztuko dute. Sorpresaz beteriko saio bizkor eta dinamikoa izango da, erronka, erreportaje eta gonbidatu bereziekin.

Bukatzeko, “Power Up” telesailak gaur egungo gaztetxoen arazoak izango ditu ardatz, bideojokoen mundutik abiatuta. Araia Agirrek (Marina Ostolaza) erasotzainleengandik ihes egiteko botereak lortuko ditu.

Ikuskizunari amaiera borobila emateko, “Go!azen” eta “Irabazi Arte” telesailetako aktoreak ere agertokira igo ziren. Kimetz Etxabek, Ander Lacallek, Marina Ostolazak, Haizea Astrainek eta Xabi Elizaldek bi kanta abestu zituzten, ikusleak dantzan jarriz.

Mila esker bertaratu zineten guztioi!

Egin klik hemen ekitaldi osoa ikusteko!