Eraberrituta eta anbizio handiagoarekin, "Ztanda" bueltan da, Euskal Herriko artista osoenaren bila
"Ztanda" saioaren denboraldi berria estreinatuko da ostiral honetan (maiatzak 8), 21:00etan, ETB1en eta ETB ON plataforman. Barbara Goenagak eta Iker Villak aurkeztutako talent musikalak beste urrats bat egingo du bere bilakaeran, ahots onena ez ezik, Euskal Herriko artistarik osoena aurkitzeko. Hirugarren edizio honetako berrikuntza nagusietako bat epaimahaia da: ikuspegi anitz eta osagarriak ekarriko dituzten profesionalak izango dituzte. Horrekin batera, arauak aldatuko dira, formatuari anbizio gehiago eman eta entretenimenduzko erreferente bezala sendotu asmoz.
12 lagun lehiatuko dira zortzi astez, irabazle titulua eta 15.000 euroko sari handia eskuratu nahian: Paula (Beasain, 18 urte), June (Barakaldo, 21 urte), Anton (Gorliz, 27 urte), Ximena (Laudio, 18 urte), Jonmar (Eibar, 22 urte), Izaro (Ordizia, 19 urte), Ipi (Arrigorriaga, 27 urte), Iker (Algorta, 24 urte), Beza (Orio, 19 urte), Chira (Bilbo, 19 urte), Ania (Santurtzi, 23 urte) eta Iria (Gasteiz, 19 urte). Interpretazioa, eszenako presentzia eta moldakortasuna funtsezkoak izango dira ibilbide artistiko zorrotz honetan aurrera egiteko.
Musikaren hainbat esparrutako lau aditu arituko dira epaile lanetan: Sua Enparantza, "Irabazi Arte" gazteentzako telesail arrakastatsuko aktore nagusia eta Gure Zirkua ikuskizuneko kide artistikoa; Ylenia Baglietto, aktorea eta, gaur egun, Mamma Mia! musikaleko protagonista; Jon Fernandez, Gaztea irratiko ahots ezagunenetako bat; eta Aketza Lopez, nazioarteko aktorea, telebista aurkezlea eta 2000ko hamarkadako MTVrekin lotutako aurpegia. Baina epaimahaiaren mahaian ez dago dena erabat itxita. Denboraldian zehar, "Ztanda"k oso bisita berezi batekin harrituko ditu ikusle eta lehiakideak; programako jarraitzaile fidelenengan nostalgia eta konplizitatea piztuko dituen horietakoa. Ezusteko presentzia izango da, emozioa handituko duena… eta lehiaketaren erritmoa gutxien espero denean aldatzeko gai izango dena.
Gainera, balorazio-sistema ere berritu egingo da, berehalakotasuna eta tentsioa handituz. Epaimahaikideek euren botoa aktuazioan zehar emateko aukera izango dute sakagailuari esker, boto positiboak (sakagailu berdea) edo negatiboak (sakagailu gorria) emanez. Boto horien batura erabakigarria izango da: hiru boto berde edo gehiago jasotzen dituen lehiakidea zuzenean salbatuko da; hiru boto gorri edo gehiago jasotzen dituena, berriz, zuzenean izendatua izango da. Berdinketa gertatuz gero, bi boto berde eta bi gorri, lehiakidea zalantza-egoeran geratuko da, eta horrek are tentsio handiagoa emango dio gala bakoitzari. Aktuazioen ostean erabakiko dute eta epaimahaikideek, zein lehiakide jartzen dituzten arriskuan eta zein salbatzen dituzten.
Talde profesional batek lagunduko ditu lehiakideak prozesu osoan zehar, euren gaitasun artistikoak ahalik eta gehien garatzeko. Adrian Garcia de los Ojos izango da ahots-teknikaren arduraduna eta Paula Bujandak, bere dantzari taldearekin batera, prestaketa koreografikoa gidatuko du, talentaren izaera integrala indartuz.
Presentzia handiagoa sare sozialetan
"Ztanda"k sare sozialetan duen presentzia indartuko du, ikuspegi hurbilagoa eta dinamikoagoa eskaintzeko. Instagrameko eta TikTokeko profilek (Ztanda_ETB) lehiakideen egunerokoari buruzko eduki esklusiboa eskainiko dute: gala bakoitzeko prestaketetatik hasi eta kameraren atzeko une intimoetaraino. Horrez gain, elkarrizketak, jokoak eta kanporatuen lehen erreakzioak partekatuko dira gala bakoitzaren ondoren, programaren esperientzia ikusleengana are gehiago gerturatuz. Igandetan, 20:00etan, Instagramen, Ztanda INSTA LIVE zuzeneko emankizuna egingo da, azken galako protagonistekin eta ezusteko askorekin. Saioaren jarraitzaileek, gainera, lehiakideei galderak egiteko aukera izango dute.
"Ztanda" ostiralero eskainiko da, 21:00etan, ETB1en eta ETB ONen. Eta 22:00etatik aurrera ikusgai egongo da MAKUSIn.