MAKUSI, Realarekin bat
Maiatzaren 18an, larunbata, Realak eta Bartzelonak Erreginaren Kopako finala jokatuko dute Zaragozan. Romaredara joango ez diren realzaleek galdu ezineko hitzordua izango dute Saguesen. Pausoz pauso bidea egiten lelopean, ekitaldi handia izango da Donostian, Zurriolako hondartzaren inguruetan. Pantaila erraldoia jarriko dute, norgehiagoka zuzen-zuzenean jarraitzeko, eta “Fan Zone” edo zaleentzako gune berezian milaka realzale elkartzea aurreikusita dago.
12:00etan hasita, egitarau zabala prestatu dute: hondartza futbola klub hitzartuen artean, zuzeneko musika emanaldiak, umeentzako jarduerak, puzgarriak, tabernak eta food truckak, besteak beste.
Jarduera eskaintza zabala, MAKUSIren eskutik
MAKUSI Unibertsoa ere festa handiaren parte izango da. Egunean zehar askotariko ekintzak egongo dira, haur nahiz gaztetxoei zuzenduta, eta Nahia Sillero aktorea arituko da aurkezle lanetan.
- MAKUSI txokoa. Umeentzako joko interaktiboak eta tailerrak.
- "Irabazi Arte" gunea. Errealitate birtualeko bi set egongo dira: horietako batean, gaztetxoek penaltiak jaurtiko dituzte, eta bestean, baloiak gelditu beharko dituzte.
- “Go!azen” kontzertua. Aktoreek ordu erdiko kontzertua emango dute, “Go!azen”eko abestirik ezagunenekin.
Aurrekoaz gain, Gazteako Oizeder Maiok DJ emanaldia eskainiko du, 14:00etatik 16:00etara.
Gogoratu, larunbatean Saguesen izango gaituzu zain!