Badator MAKUSI, ume eta gaztetxoentzako ekosistema digital berria
Ume eta gaztetxoentzako euskarazko edukiak eta entretenimendu eskaintza zabala eta anitza jasoko du MAKUSIk, teknologiarik puntakoena erabilita. Bi ardatz nagusi izango ditu: euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma digitala eta MAKUSI Kluba. Gainera, ekitaldien agenda propioa izango du MAKUSI Unibertsoak, baita txoko propioa ere sare sozialetan (TikTok, YouTube eta Instagram kontuak), noiznahi eta nonahi gozatzeko.
MAKUSI Klubak abantaila (sarrerak, deskontuak, etab.) eta eduki esklusiboak eskainiko dizkie kideei, baita zozketa eta lehiaketa berezietan parte hartzeko aukera ere. Urtebetetze egunean zorion-agurra jasoko dute, eta newsletterrak, beste inork baino lehen nobedade guztien berri izateko. Zozketa eta ekimen guztietan parte hartzeko, derrigorrezkoa izango da saioa hasi eta pasahitza sortzea. Merchandising esklusiboa ere sortuko da.
MAKUSI atarian, makusi.eus webgunean, eduki guztiak egongo dira eskuragai: albisteak, bideoak, argazki-galeriak, jarduera interesgarrienen agenda eta klubarekin lotutako ekimen guztiak, besteak beste.
Euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma digitalean eduki eskaintza zabala izango dugu ikusgai, adinaren arabera pertsonalizatuta: marrazki bizidunak, animazioa, telesailak eta filmak bilduko ditu, eta baita MAKUSI Unibertsorako ekoiztutako saio berriak ere: Potx eta Lotx pailazoen saioa, “Kalaxka” (KLXK), Aritz Mendiolak eta Anepe Acedok aurkeztutako aktualitatezko magazina, eta Marina Ostolaza eta Ibai Ugarte protagonista izango dituen “Power up” fikziozko telesaila.
Jarrai gaitzazu sare sozialetan: